Aintza (Slava, 2016) eta Arazo pertsonalak (Omor Shahsiya, 2016) filmek egungo gizartearen argazkia erakusten digute aurrenak Bulgariatik eta bigarrenak Palestinatik, biek ere pertsonaia arrunten bizitzak aitzakia hartuta.
Kristina Grozeva eta Petar Valchanov zuzendariek The Lesson (2014) filmaren estreinaldi arrakastatsuan iragarri talentua berresten dute Aintza filmean. Neurri handi batean lantalde eta aktore berekin lanean, egungo Bulgariar gizartean klase sozial nahiz baserri eta hirien artean dagoen zatiketa erakusten digute filmean. Ustelkeria nagusitzen den gizarte horretan, gizatasuna bigarren mailan utzi eta norbanakoa bizirik ateratzea da helburu, agian, Tsanko gizagaixoaren pertsonaia kenduta. Julia eta Tsanko protagonista antagonikoak, bata komunikatzaile abila eta bigarrena ia komunikatu ezin den gizona, aipatu gizartearen erakusgarri dira. Naturalismoz filmatua, muntaketa zehatzarekin eta aktore lan bikainek lagunduta, halabeharrezko hondamendirantz garamatzan kontakizunak ez du alferrikako unerik erakusten.
Arazo pertsonalak, Maha Haj, Israelen azkenaldian nabarmentzen ari diren emakume zinemagileen artean ezaguna den zuzendariaren aurreneko film luzea da. Gaur egungo Palestinan bizi den familia baten egunerokoa erakusten digu filmak. Hainbat mugek bananduta bizi den familia honen eguneroko bizitzan gertatzen diren zentzugabekeriak irudikatzeko ahalmen berezia erakusten du Haj zuzendariak, umore eta egiaz estalita. Nabarmentzekoa da baina, pantailan erakusten eta eztabaidatzen ez denak ikusten duguna baino pisutsuagoa dirudiela. Filma Nazareten bizi den bikote adindu baten aurkezpenarekin hasten da, ondoren, banaka-banaka, euren hiru seme-alabak aurkezteko. Filmeko protagonista guztiak bizitzan aurrera egiteko zailtasunak dituzte eta haien egoerak Israel-Palestina arteko gatazka islatzen du nahitaez. Baina politika ez da lehenengo mailan agertzen, pertsonaien eguneroko bizitzaren parte bat bezala baizik. Izenburuak iradoki legez, filma jendearen bizitzeko moduen inguruan ari da eta egoera politikoa errealitate horietatik bereizezina dela erakusten du.
Aintza filmak Locarno International Film Festival-ean izan zuen estreinaldia eta ondoren honako jaialdietan parte hartu du besteak beste: Stints Busan-en, Tokyo, Antalya eta Hamptons. Arazo pertsonalak Cannesen izan zuen estreinaldia eta ondoren hainbat jaialditan saritua izan da, horien artean, Film Onenaren Saria irabazi zuen Haifa International Film Festival-ean.