Filmazpit-ek 2021. urteari bide ematen dio, askotariko eta kalitatezko filmak bere katalogoan gehituz. Dokumental batek, bi animaziozko filmek, bi drama sozialek eta beldurrezko film laburren bilduma batek osatzen dute eskaintza berria, kultur, gizarte eta hezkuntza erakundeetan proiektatzeko aukera luzatuz.
25 urte ondoren, Ethan Hawke zuzendari modura itzultzen zen Sundance jaialdira, Texas Outlaw Music mugimenduaren legenda ezezagun Blaze Foley-ren bizitza pantailaratzen duen Blaze (2018) filmarekin. Bestalde, Barbara Miller dokumentalgileak, bost emakumeren kontakizunen bidez, emakumeen sexualitatearen eta plazeraren errealitate konplexuetara hurbiltzen gaitu #Emakumeen plazera (2018) lanean.
Ismet Sijarina zuzendariaren Azaro hotza (Cold November, 2018) filmak Fadil eta bere familiaren gatazka kontatzen du 90eko hamarkada hasieran Serbiak Kosovoren autonomia indargabetu zuenean. François Ozon-ek berriz elizaren baitan jasotako pederastiaren gaia jorratzen du hiru gizonezkoren bizitza intimoa erakusten duen Eskerrak Jainkoari (Grâce à Dieu, 2019) film koralean.
Steve Loveridge da Matangi / Maya / M.I.A. (2018) dokumentalaren zuzendaria eta bertan, Matangi Arulpragasm, lagunentzat Maya eta nazioartean M.I.A. bezala ezagutzen den lagunminaren bizitza eta bilakaera artistikoaren argazkia egiten du. Bestalde, Jeanie Finlay dokumentalgileak Jimmy Ellis, Elvis berpiztu eta maskaratu bezala ospea lortu zuen abeslari ezezagunaren historia dakar Orion: The Man Who Would Be King (2015) filmean.
Filmazpit programak, Animadeba 2019 Nazioarteko Animazio Zinemaldiko aurreneko edizioan Sail Ofizialean lehiatu diren hamar film laburrekin bilduma berria osatu du.
FANT 2019 | Bilboko Zinemaldi Fantastikoan euskarara itzuli diren filmen azpitituluak eskuragarri daude Filmazpit webgunean. Eskerrik asko, FANT!