Albisteak

BOST LUZEMETRAI BERRI ETA FILM LABURREN ANTOLOGIA BAT FILMAZPIT KATALOGOAN SARTZEN DIRA

2020-12-24

Filmazpit-ek 2021. urteari bide ematen dio, askotariko eta kalitatezko filmak bere katalogoan gehituz. Dokumental batek, bi animaziozko filmek, bi drama sozialek eta beldurrezko film laburren bilduma batek osatzen dute eskaintza berria, kultur, gizarte eta hezkuntza erakundeetan proiektatzeko aukera luzatuz.

 

Hamadak (2018) Saharara hurbiltzen gaitu pedagogia eta umorearekin. Eloy Dominguez Serenek bere bigarren film luze dokumentala zuzentzen du, eta oraingoan Mendebaldeko Saharan barneratuko da. Bertako gazteen eguneroko bizitza modu humanista eta biziaz adierazten du, euren nortasuna ukatzen duen gatazka batean, non amets egiteak beste esanahi bat duen. 

 

Michel Ocelot-en azken animaziozko filma, Dilili Parisen (Dilili à Paris, 2018), ikuspegi didaktiko eta dibulgatzaile batetik abiatzen da, baina oraingoan osagai oniriko indartsu batekin. Belle Époque-ko Parisen zehar egindako bidaia bisuala da, abentura eta feminismoa bere protagonista txikiaren begietatik ikusiz.

 

Animazioari dagokionez, Loving Vincent (Dorota Kobiela eta Hugh Welchman, 2017) aitzindaria da, pintura animatuez osatutako lehen film luzea delako. Fotograma bakoitza artista ezberdinek olioz margotutakoa da eta Van Goghen obran inspiratuta dago, filma pinturaren hedadura bihurtuz. Istorio intimista bat, irudien bidez isurtzen dena.

 

Nunzia De Stefanoren lehen lanak, Neviak (2019), Napoliko kanpoaldera eramango gaitu. Ukitu autobiografikoez baliatuz, bere protagonista gaztearen istorioa kontatzen du. Gizonak nagusi diren errealitate batean bizirik irauteko eta aske izateko borroka. Kontakizun gordina baina baikorra, non zirkuak bizitza grisari kolorea eta itxaropena ematen dion.

 

Hirugarren emaztea (The Third Wife, 2018), Ash Mayfair zuzendariaren lehen filmak ere, neska gazte bat aurkeztuko digu, baina oraingoan XIX. mendeko Vietnamen. Kontakizun intimistak eta argazki minimalistak lur-jabe baten hirugarren emaztearen etxera gonbidatzen gaitu. Matxismoa, klasismoa eta esklabotza isiltasunaren eta bakardadearen bidez azaltzen dituen filma.

 

Beldurrak ere bere lekua du Noviembre fantasma film laburren bilduman. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, Terror Molins-en eta Fancine-n saritutako filmen aukeraketa plataforma digitalean eskuragarri egon zen, eta orain Filmazpit katalogoan bilduma gisa sartzen dira. Brutal Relax (2010), Voice Over (2011), Ghost Train (2013), Quenottes (2015), Helsinki Mansplaining Massacre (2018) eta Wild Love (2018) generoaren aniztasunaren erakusle dira, animaziotik mamu eta izaki fantastikoen istorioetara.

 

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako kalitatezko film sorta  ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak