Udazken honetan emakumezko protagonista indartsu eta karismadunak dituzten lau filmek hornituko dute Filmazpit.
Difret (2014) filmak, Meaza Ashenafi, laguntza legala eskaintzen duen organizazio bateko sortzailearen istorioa kontatzen du. Emakume hau Etiopiako aspaldiko ohitura baten kontra agertu zen, “telefa” edo bahiketa bidezko ezkontzak. Istorioaren fokua Hirut (Tizita Hagere) eta Meaza Ashenafi (Meron Getnet) abokatuaren arteko harreman konplexu baina aldi berean hunkigarrian dago. Difret-ek maisutasun handiz batzen ditu narratiba klasikoa eta berezitasun kulturalak. 2011n, Zeresenay Berhane Mehari etiopiar zuzendariak Haile Addis Pictures sortu zuen bere lehenengo film luzea, Difret, ekoizteko. 2014an filmak Sundancen eta Berlingo Panorama sailean Publikoaren saria lortu zuen eta Zinemaldiko Perlak sailean parte hartu zuen urte berean. Istorio gogor baina itxaropentsu honek Angelina Jolieren arreta bereganatu zuen eta produktore exekutibo lanak egin ditu bertan.
Eztia (Miele, 2013) Valeria Golino aktore italiarraren opera prima da. Valeria Golino ezaguna da hainbat filma ospetsutan agertu delako: Rain Man (1988), Hot Shots (1991), Four Rooms (1995) edo Frida (2002). Filmaren gidoia, zuzendariak berak Francesca Marciano eta Valia Santellarekin idatzia, Mauro Covacich-en “A nome tuo” liburuaren adaptazio aske bat da. Zuzendari bezala bere estreinaldian, Valeria Golinok heldutasun harrigarriz jorratzen du lagundutako suizidioaren gai konplexua. Filmeko protagonista Irene da. Irenek hiltzea nahi duten pertsona gaixoei duintasunez hiltzeko modua ematea helburu duen erakunde klandestino batentzat lan egiten du. Lan hau burutzeko, Irenek “Eztia” ezizena erabiltzen du bere benetako identitatea ezkutatzeko. Egun batean, Grimaldi jaunak bere zerbitzuak eskatuko ditu eta Irenek sekulako dilema moralari aurre egin beharko dio, Grimaldik hil nahi izatearen benetako arrazoiak zeintzuk diren jakiten duenean. Filmak nazioarteko sari ugari jaso ditu eta 2013 Cannesko Zinemaldian parte hartu zuen Sekzio Ofizialeko Un Certain Regard atalean Epaimahai Ekumenikoaren Aipamen Berezia jaso zuelarik. Donostia-San Sebastián Giza Eskubideen XII. Zinemaldian ere parte hartu zuen 2014an.
Neska banda (Girlhood, 2014) Céline Sciamma zuzendari eta gidoilari frantsesaren hirugarren luzemetraia da. Filmaren protagonista Marieme (Karidja Touré) da, Pariseko periferian bizi den nerabea. Badirudi neska gazte honen etorkizuna bere adinak, generoak eta arrazak baldintzatuta dagoela. Mariemek perfekzioz irudikatzen ditu haurtzarotik heldutasunera igarotzen ari den gazte baten baitan sortzen diren tentsioak. Erreferente gabe, Mariemek neska banda batean aurkitzen du babesa. Neska banda filmaren casting zoragarria kalean egin zen, merkataritza-zentroetan, tren geltokietan edo Parisko aldirietan; hortik protagonisten hizkerak duen grazia, arintasuna eta zorroztasuna. Naissance des pieuvres (2007) Sciammaren aurreneko luzemetraia Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard atalean hautatua izan zen. Berlingo Zinemaldian Tomboy (2011) estreinatu ondoren, Sciammak 2014 Cannesko Zuzendarien Hamabostaldia estreinatu zuen Girlhood filmarekin. Era berean, 2014an filmak Donostia Zinemaldiaren 62. edizioko TVE-Beste begirada saria jaso zuen.
Eta azkenik, Coria eta itsasoa fikziozko elementuak nahasten dituen luzemetrai dokumentala da. Genero ikuspuntutik abiatuta, Saharar Errefuxiatuen kanpamenduetan emakumeek aurrera daramaten borroka bikoitza kontatzen digu. Hau emakume borrokalari, saiatu, sentikor, nostalgiko, itxaropentsu, ausart eta parte-hartzaile batzuen istorioa da. Emakume hauek gai izan ziren ezerezean, paisaia babesgabeenean, Saharar basamortuko “Hamada argelina” deitzen den lekuan, bizitza eraikitzeko. Emakume sahararrak dira. Filma honen zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea izan den Diana Navak ibilbide oparoa du gizarte gaietan sakontzen duten dokumentalak zuzentzen. Besteak beste, Coria eta itsasoa dokumentalak honako jaialdietan parte hartu du: Festival de Huelva (2015), FiSahara (2015) eta Donostia-San Sebastián Giza eskubideen XIII zinemaldia (2015).
Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak 40 titulu baino gehiago jartzen ditu interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosterik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Aurki Filmazpitek honako filma hauek ere argitaratuko ditu, Drill Baby Drill (2013) eta What We Do in the Shadows (2014) ohi bezala jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin.