Albisteak

“Eskerrik asko, ugazaba!” eta “Nire ahizpa perfektua” dira 2017an Filmazpit katalogoan gehitu diren aurreneko filmak

2017-02-15

Sanna Lenken zuzendariak pantaila handian ezohikoa den elikadura arazoen gaia jorratzen du Nire ahizpa perfektua (Min lilla syster, 2015) bere aurreneko film luzean. Bere aldetik, François Ruffin kazetari eta zuzendariak Robin Hood moderno paperak hartu eta Frantziako gizonik aberatsenaren negozio eztabaidagarriak aireratzen ditu Eskerrik asko, ugazaba! (Merci patron!, 2015) filmean.

Elikadura arazoak ugariak eta larriak dira kultura garaikide unibertsalean. Suedian esaterako emakumeen %10ak nolabaiteko elikadura arazoak izan ditu. Ehunekoa antzekoa da Europa nahiz Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lurraldeetan. Honek esan nahi du herrialde hauetan biztanleriaren parte handi batek arazoarekin zeharkako edo zuzeneko erlazioa izan duela. Sanna Lenken suediar idazle eta zuzendariak, gaur egun neska gazte bezala haztea eta zarenagatik beharrean besteek ikusten zaituzten moduagatik epaitua izateak zer esan nahi duen ikertu nahi izan du Nire ahizpa perfektua filmean. Rebecka Josephson zoragarri dago Stella- ren paperean, bere ahizpa patinatzaile ospetsu Katja-k (Amy Deasismont) elikadura arazo bat duela konturatzen den nerabea. Anorexiarekin izan zuen esperientzia pertsonaletik edanaz, Lenkenek bikain aztertzen du bi ahizpak harrapatuta dituen intimitate eta alienazio sare gatazkatsua.

Francois Ruffin-en Eskerrik asko, ugazaba! aurrekontu txikiarekin eta Michael Moore estiloan egindako filma da. Ruffinek, Bernard Arnault Frantziako enpresari handiak urteetan zehar eginiko zalantzazko negozioak erakusten ditu filmean Klur familiaren kasuan fokua jarriz. Serge eta Jocelyne Klur-ek Frantzia iparraldean lan egiten zuten Arnault-en inperioaren parte den Kenzo fabrika batean ekoizpen kostua merkatzeko fabrikazioa kanpora atera zuten arte. Ordutik langabezian, Ruffinek ezagutzen dituenean eguneko hiru eurorekin bizi dira. Sentimentaltasunean erori ordez Ruffinek Klur familiari laguntzea erabakitzen du eta elkarrekin abiatzen dira euren miseria ekonomikotik aterako dituen konponketa baten bila.

Nire ahizpa perfektua filmak hainbat jaialditan parte hartu du eta honako sari nahiz aipamenak jaso ditu: 27th Galway Film Fleadh (Opera Prima Hoberena), Cannes Zinemaldia (Écrans Juniors), 65 Berlinale (Crystal Bear Generation – Aipamen berezia), Göteborg Film Festival (Ikuslearen Saria Filma Nordiko Hoberenari), European FF XVI (Gidoi Onenari Saria, FIPRESCI Sari Berezia, Publikoaren Sari Berezia... Aldiz, Eskerrik asko, ugazaba! filmak jaso duen saririk hoberena Frantzian izan duen 500.000tik gorako ikusle kopurua izan da zalantzarik gabe.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak