Filmazpit izeneko zinema zabaltzeko ekimen berria aurkeztu du gaur Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura delegatua eta Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema-unitateko arduradunarekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Agerraldi honetan, euskaraz azpidatzitako pelikulen katalogoa eta programako webgunearen berri eman da.
FILMAZPIT from Donostia Kultura on Vimeo.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako zinema zabaltzeko programa da Filmazpit, eta gaur aurkeztu dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Donostia Kultura arduratuko da programa kudeatzeaz, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, eta 123.357 euroko aurrekontua izango du 2011n; kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 95.800 euro jarri du.
Horrenbestez, diru-laguntza horren bidez, euskaraz azpidatzitako ikus-entzunezko hamar programa ekoitziko dira. Programen hautaketarako Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren sei zinemaldi aukeratu dira hasieran: Donostiako Zinemaldia ( Donostia, irailean); Giza Eskubideen Zinemaldia (Donostia, apirilean); Animabasauri (Basauri, apirilean); Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea (Donostia, urrian); ZINEBI (Bilbao, azaroan) eta Mendi Film Festival (Vitoria-Gasteiz, abenduan).
Programa honen bidez, pelikula horien euskaraz azpidatzitako jatorrizko bertsioak doako kultur emanaldi ez komertzialetan emateko eskubideak erosiko dira, hiru urterako gutxienez.
Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, “sailburuordetzaren lehentasunezko ildoen artean euskarazko kultura kontsumoa indartzea dago, euskal kulturaren industriari, ekoizleei eta sortzaileei erreparatuz”. Filmazpit programak ezaugarri horiek guztiak betetzen ditu, eta etorkizunean ere jarraipena izateko bokazioz jaio da. “Euskararen erabilera indartzeaz gain, euskararen irudiari prestigioa ematea ere bada Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lehentasunezko helburuak”. Alde horretatik, “gure ustez, gizartearentzat interesgarria izateaz gain, helburu publikoa lortzera zuzendutako egitasmoa da Filmazpit. Horrenbestez, eta beste hainbat alorretan bezala, zinemaren inguruan izan daitezkeen proiektu berriek ere gure laguntza eta babesa jasoko dute”.