2015. urtean, Europan, Alemaniak bakarrik eskaini zien ate irekiko politika gerran dauden herrialdeetatik zetozen iheslari saldoei. Guztira, milioi bat pertsonei egin zien harrera. Dokumentalak gertakari haren ondorioak aztertzen ditu Dresdenen. Historia gorabeheratsua izan duen hiri zatitua ikusiko dugu, eta nola eragiten duen horrek errefuxiatuen etorreraren aurrean jarrera bat ala bestea hartzeko orduan: batzuek historian eta euren bizipenetan aurkitzen dituzte harrera-ekimenetan parte hartzeko arrazoiak; beste batzuek, aldiz, iraganean topatzen dituzte kanpotarrak ez onartzeko arrazoiak. “Dresden babesleku” filmak argi erakusten du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemania etengabe izan dela errefuxiatuentzako aterpe, eta pertsona desplazatuek babesgabetasun berdin-berdina jasaten dutela gerra guztietan.
--
Polonian, gero eta sarriago gertatzen ari dira etorkinen eta errefuxiatuen kontrako manifestazioak eta erasoak. Testuinguru horretan, hala ere, badira herrialde kulturaniztun eta toleranteago baten alde borrokatzen diren herri ekimenak eta GKEak. Horietako bat dugu Wroclaw hiriko Giza Liburutegia: pertsonak liburu bihurtzen dituen egitasmo hezigarria da. Liburu bizidun hauek izendatzaile komun batek lotzen ditu, alegia, diskriminazioa jasan izanak. Liburuotako bat maileguan hartzean, honako istorioak topatuko dituzte irakurleek: arrazagatik, sexu izaeragatik edota erlijioagatik marjinatuak eta estigmatizatuak izan direnen lekukotzak. Aniztasunera gutxi ohituta dagoen herrialdean, liburutegi hau aukera ona da diskriminazioaren aurka borrokatzeko.
*Donostia/San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburuko Bakearen itsasargiaren ordezkari gisa, Europa Transit-ek honako hiri hauek bisitatu zituen 2016an: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika. Leku bakoitzean dokumental bat egin zuen Europa Transit taldeak eta hamar lan horiek Europa Transit bilduma osatzen dute.