1974tik, Europan zutik jarraitzen duen azken harresiak Zipreko irla zatitzen du. Mugak bi komunitatetan banatzen du irla: greko-zipretarra eta turko-zipretarra. Amets Arzallus bertsolariak Ziprera bidaiatuko du gatazka honen ondorioak ezagutzeko; besteak beste, hainbat familia etxerik gabe eta milaka hildako eta desagertu utzi zituen. Bertan ezagutzen dituen musikari eta poetak lagun, herrialdearen egungo egoera ezagutuko du. Aldi berean, Ametsek Zipreko mugaren gatazka bere bizipenekin alderatuko du: Euskal Herria banatzen duen mugak bere bizitza markatu duen zauria da. Amets Arzallusen begien eta bertsoen bitartez, gaur egungo Europako bi mugaren ondorioak ezagutuko ditugu.
--
Sra. Polaroiska talde artistikoak (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) dantzako tailer bat antolatu du Plovdiven (Bulgarian). Bertan, ijito-etniako zenbait gaztek hartu dute parte eta, elkarrekin, dantza-ekitaldi bat aurkeztuko dute hiriko erdigunean. Parte hartu duten gazteen eta antolatzaileen artean garatutako harremanari esker, Bulgariako ijito-etniaren egoera latza ezagutuko dugu. Dantza, artea eta kultura, aurreiritzien, gizarte-bazterketaren edo ezberdina izatearen beldurraren aurkako antidotoak direla erakusten digu “Kaleko dantzariak” dokumentalak.
*Donostia/San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburuko Bakearen itsasargiaren ordezkari gisa, Europa Transit-ek honako hiri hauek bisitatu zituen 2016an: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika. Leku bakoitzean dokumental bat egin zuen Europa Transit taldeak eta hamar lan horiek Europa Transit bilduma osatzen dute.