Ezagutzen genuen komikia. Frantsesa da, west coast eragin zoragarriarekin Guillaume Renard goitizenez Runek sortua. Ezagutzen genituen bere izakiak, Angelino, Vinz, Willy. Zapaldu izan genituen lehendik ere Dark Meat City bere hiriko kaleak –hiri kirasduna baina itzela–. Oso gogoko genuen bere scooterra, bere garezurra sutan, bere bizi-larritasuna, espero ez zuen bere halabehar mesianikoa. Norbaitek filma egitea, hori besterik ez zen falta. Eta Run bera izan da, eta Ankama argitaletxea, Shojiro Nishimiren –Batman: Gotham Knight (2008) zuzendu zuen jada– eta STUDIO 4ºC ekoiztetxearen konplizitatearen bila irten eta aurkitu zutenak. Hauxe da emaitza: nahasketa zoragarria, hip hop, usteldura, naturaz gaindiko zientzia fikzioa, beldurra, borroka librea, tristura existentziala eta Toxic Avenger DJaren elektronika.
*16 urtetik gorakoentzat gomendatua