Albisteak

Zulatu, lagun, zulatu! (Drill Baby Drill) eta Itzaletan egiten duguna (What We do In The Shadows) Filmazpit katalogora gehitu dira

2015-12-04

2015. urtea biribil amaitzeko Filmazpitek bi titulu berri atera ditu lur azpitik zuzenean. Alde batetik, Lech Kowalski-ren dokumentalak arbel gasa ustiatzearen inguruko eztabaida sutsua dakar pantailara, eta beste aldetik, Jemaine Clement eta Taika Waititi zuzendarien dokumental faltsuak ezohiko lau banpiroren gorabeherak kontatzen dizkigu.

2015. urtea biribil amaitzeko Filmazpitek bi titulu berri atera ditu lur azpitik zuzenean. Alde batetik, Lech Kowalski-ren dokumentalak arbel gasa ustiatzearen inguruko eztabaida sutsua dakar pantailara, eta beste aldetik, Jemaine Clement eta Taika Waititi zuzendarien dokumental faltsuak ezohiko lau banpiroren gorabeherak kontatzen dizkigu.

 

Zulatu, lagun, zulatu! (Drill Baby Drill, 2013) dokumentalean kontatzen denez, Estatu Batuak gasaren “erauzketa-iraultzan” murgildu dira eta Europako herrialde batzuek erraldoi amerikarrak hasitako bideari jarraitu nahi diote. Polonia izan da horren sustatzaileetako bat.

 

Egun batean, Ukrainako mugatik hurbil dagoen Polonia ekialdeko herri txiki bateko biztanleek jakiten dute Chevron-ek –munduko laugarren energia-konpainia garrantzitsuena– bertan putzu bat eraiki nahi duela arbel-gasa erauzteko. Hasieran ez diote kasu handirik egiten, baina pixka bat ikertu ondoren jakiten dute putzua euren abeletxeetatik hurbil edukitzea arriskutsua izan daitekeela eta mobilizatzen hasten dira. Politikariengana eta gobernu-erakundeetara jotzen dute, baina ez dute erantzunik jasotzen. Chevronen makinak bertara iritsi direla ikusten dutenean, baserritarren matxinada hasten da. Jatorri poloniarreko Lech Kowalski dokumentalista estatubatuarra –D. O. A. (1980), East of Paradise (2005), Holy Field Holy War (2013)– bertan dago eta han gertatutakoa dokumental honetan kontatzen du.

 

Lech Kowalskiren gurasoak Bigarren Mundu Gerratean Poloniatik ihes egin zuten eta Londresen bizitzen jarri ziren. Hala ere, gaztea zela familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera eta Kowalski bertan egin zen zinemagile.

 

Amsterdam-eko IDFA (2013), Sheffield-eko Doc/Fest (2013) eta Bergen-eko BIFF (2013) jaialdietan egon ondoren, Zulatu, lagun, zulatu! (Drill Baby Drill) Donostia / San Sebastián Giza Eskubideen XIII Zinemaldian egon zen 2015ean.

 

What We do In The Shadows Zeelanda Berriko filmak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteko Ikusleen Saria irabazi zuen 2014an.

 

Komedia barregarri hau ezohiko lau pisukideren bizitza erakusten digun dokumental faltsua da. Lau banpirok osatzen dute talde bitxi hau: Viago, 379 urtekoa, Vladislav 862 urtekoa, Deacon 183 urte besterik ez dituena, eta Petyr, 8.000 urte dituena. Ohiz kanpoko errentari hauek, bizikidetzak dakartzan eguneroko gatazkei aurre egiteaz gain, inguruko gizotsoen mehatxuak jasan behar dituzte edota teknologia berriak erabiltzen ikasi behar dute. Jemaine Clement-ek dioenez, autobiografikotik zertxobait badu filma honek, izan ere, unibertsitate garaian lankide Bret McKenzie-rekin partekatu zuen pisua, munduko pisurik zikinena Jemanainen hitzetan, inspirazio iturri izan zuen.

 

Taika-rekin proiektu honetan abiatu baino lehen, Jemainek Bret McKenzierekin sortu zuen bikote profesionala eta HBOko Flight of the Conchords serie famatuaren autore eta izar izan ziren. What We Do in the Shadowsen berriz, Jemainek Taika Waititirekin idatzi, zuzendu eta aktore modura lan egin du euren lehen film luzea den honetan. Filmak ibilbide oparoa du mundu osoko jaialdietan eta gehiengo kasuetan ikusleen partetik jaso du filma onenaren saria: Toronto, Neuchatel, Transylvania, Sitges, Estokolmo, Varsovia, Helsinki…

 

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak 40 titulu baino gehiago jartzen ditu interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosterik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

 

Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

 

Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak