“Neskatilen bizitza latza da… Emakumeen bizitza oso latza”, dio Sampat Palek, Kim Longinotto dokumentalista britainiar gailenak –besteren artean, Divorce Iranian Style (1998), Sisters In Law (2005), Hold Me Tight, Let Me Go (2007) eta Rough Aunties (2008) zuzendu izan ditu– aurkezten digun lan berri honen protagonistak. Sampat, beste asko bezala, ezkontzera behartu zuten oso gazte zela, eta tratu txarrak eta esplotazioa bizi izan zituen senarraren familiarengandik. Haiengandik ihes egin zuen eta orain urteak daramatza emakumeen eskubideen aldeko borrokan, Uttar Pradesh eskualdean, Indiako iparraldean. Kasu bera da Rekharena: hamalau urteko neskatila, “ukiezina”, kasta baxuenekoa izateagatik ezkontzen utzi ez dien familia bateko gizon batek haurdun utzitakoa. Baita Renurena ere: hamabost urteko neskatila, senarrak ezkonsenideen etxean abandonatutakoa, haiengandik tratu txarrak eta erasoak jasotakoa.
*Adin guztientzat egokia